2009/01/05

090105 . ...ETA GOZA EZAZU BIZITZA


ZIUR ASKO JAINKORIK EZ DA EXISTITZEN

UTZI KEZKAK ALDE BATERA ETA GOZA EZAZU BIZITZA


  • Ateismoa
  • Deia, 2009-01-05 # Rikardo Arregi
Bartzelonako autobus batzuetan, Londreseko eta Erresuma Batuko beste hirietan bezala orain dela gutxi, ateismoaren aldeko iragarkiak jarriko dituzte, zenbait talde ateok ordainduta: "Ziur asko jainkorik ez da existitzen. Utzi kezkak alde batera eta goza ezazu bizitza".

Gustatuko litzaidake niri hemengo autobusetan horrelakorik ikustea, baina uste dut gure Basque Country moderno eta aurrerakoi hau ez dagoela oraindik prestaturik gauza horietarako: hemen oraindik sineskeriek martiriak ekoizten dituzte egunero; hemen elizak, tenpluak eta meskitak barra-barra eraikitzen dira; hemen bonbak jartzen dira traszendentzia baten izenean. Bartzelonako artzapezpiku katoliko erromako bat eta iman musulman bat berehala batu dira haien ipuinen defentsan, eta ez dira falta betiko ahots mengelak espiritualitate are mengelagoa aldarrikatzen.

Fededunak ez dira konturatzen zer nolako matraka ematen duten egunero; azken aste hauetan, eguberriak direla eta, matraka jasangaitza izan da. Normalean gehiengoa ez da konturatzen ematen duen matrakaz. Kexatzen dira ekainaren 28an marikez, lesbianez eta transexualez betetzen direlako kaleak, inoiz ez katoliko erromakoek kaleak, plazak eta mendiak betetzen dituztenean haien sinbolo eta oihuekin.

Tradizioa aipatzen dute horrelakoetan eta ahantzi ateismoa mendebaldean haien ipuinak baino zaharragoa dela. Haien sentsibilitate mindua aterako dute plazara eta ahantziko dute betiko moduan besteok jasan behar ditugun irain egunerokoak.

Haiek ere bizitza gozatzen dutela esango dute. Ez dut uste. Haien ideiek heriotza dute oinarri eta helburu. Bizitza apalagoa da, eta laburregia hain ergelki galtzeko

No hay comentarios:

Publicar un comentario