2009/02/03

090203 . MATXISMOAK HILTZEN GAITU!



2009-02-03 · DONOSTIA



M A N I F E S T A Z I O A


OTSAILAK 3 · asteartea · 20:00etan


DONOSTIAKO BULEBARREAN



Duela bi aste beste emakume bati eraso egin zioten Donostiako kaleetan. Badira bi aste beste emakume batek beldurra eta segurtasun-falta sentitzen duela: bere askatasuna, gorputza, bizia zauritu dute. Gure hirian oraindik sexu-erasoak gertatzen direla salatzeko, kalera atera gara. Batetik, erakutsi nahi dugu gertakari horiek gaitzetsi egiten ditugula; eta bestetik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu egintza krudel horien biktima izan diren emakumeei. Ez dugu nahi bortxatzaileen inguruan aurrejuzkuak sortzerik; ez haien sorterriari, maila ekonomikoari, edota egoera sozialari dagozkienak. Orain ageriago badaude ere, denok dakigu horrelako erasoak beti egon izan direla. Emakume bati eraso egiten zaionean, bortxatu egiten dutenean, bere lagunei, gurasoei, anai-arrebei, emakume guztiei egiten zaie eraso. Guztion ahalegina eskatzen dugu genero-desberdintasunik egon ez dadin. Izan ere, genero-desberdintasun horrek emakumeekiko errespetu-falta bultzatu eta onartu egiten du. Zera eskatzen dugu: argi gehiago jartzea, behin eta berriz emakumeontzat arriskutsuak direla erakutsi den guneetan. Eskertzen dugu erakundeek eta ordena-indarrek gure segurtasunaren alde egiten duten lana; baina beharrezkoa da ahalegin hori bikoiztea, gure hiriko gune beltzak eta toki arriskutsuak desagerrarazteko. Denon ardura da emakumea errespetatzen duen gizartea sortzea; denon ardura da emakumea babestea bortxatzeak dakarren eraso, umilazio eta mugatzetik. Kalea gurea ere badelako, edozein ordutan. Merezi dugulako ahul ez sentitzea. Emakume izateagatik ez dugulako beldurra sentitu behar. Ez gara isilik geldituko, ez gara ezkutatuko. Errespetu gehiago, segurtasun gehiago exijitzen dugu. Eraso gehiagorik ez. Bortxaketa gehiagorik ez.


No hay comentarios:

Publicar un comentario